PRENTSA-OHARRA URA

Kat Lumenek euskarazko singela kaleratu du dolu perinatalari buruz
Kat Lumen artista holandarrak “Ura” kaleratu du, bere amaren sabeletik kanpo bizitzera iritsi ez zen Ura haurtxoa omentzen duen euskarazko abestia. Urriaren 15an, haurdunaldian, jaiotza-inguruan edo jaioberritan izandako galeren nazioarteko egunean, singela eta bideoklipa plataforma handi guztietan aterako dira.
Historia
Kat Lumen Madrilen bizi da duela hogei urtetik, eta familia antzerki-konpainia bat du, bere lankide italiarrarekin batera. Ikuskizunetako batek off-eko ahotsa du, eta hainbat hizkuntzatara itzuli da, besteak beste, euskarara. Lana arinago egin ahal izateko, Kat euskara ikasten hasi da. Formakuntzaz filologo eta pasioz poliglota izanik, erronka da beretzat.
Bere lagun euskaldun batek, Saioa Urrutiak, poesia idazten duela ohartzean, Katek hitz batzuk eskatzen dizkio musika jartzeko eta hainbeste liluratzen duen hizkuntza berri honetan abesti bat konposatzeko. Berehala bere lagunak “Ura” pasatzen dio: jaio baino lehentxeago haurra galdu zuen lagun maite batentzat idatzi zuen testua.
Antzerki konpainiarekin Euskal Herrian zehar egindako bira baten ondoren, itzulerako bidaian, Kati inspirazioa datorkio kotxean. Badu doinu nagusia. Etxean pianoaren atzean esertzen da harmonia jartzeko eta a priori ulertzen ez dituen baina apurka-apurka bereganatzen dituen hitz misteriotsu horiek ahozkatzeko.
Uraren amari abestia bidaltzeko unean, magia gertatzen da. Uraren amak dio unibertsoari abesti bat eskatu ziola alabarentzat, eta orain WhatsApp bidez iritsi zaio abesti hori egiteaz arduratu zen holandar ezezagun baten audioa.
Letra
Letra uraren zikloari buruzko poesia ederra da, bizitzaren misterioaren metafora gisa. Heriotza barne hartzen duen bizitza, gorputz fisikoa beste modu sotilago batera aldatzea bezala ulertuta.
Honela dio Saioa Urrutiak: “Ilunak ezinbestean argia baitakar ulertezina besarkatzean”.
Taldea
Ura, abestia, 2023ko otsailean jaio zen. Urte bereko apirilean aurkeztu zen ospakizun batean, Ura haurtxoa amaren sabelean bizi izan zen etxean. Mauri Corretjé ekoizlea abestiaz maitemindu zen eta konponketak eta ekoizpena egitea eskatu zuen. David Ayllón ikus-entzunezko errealizadoreak kontzertu batean entzun zuen abestia, eta asko hunkitu zen, duela gutxi dolu bat egin baitzuen eta bideoklipa egin nahi zuen. Azalaren diseinua Ana Raquel Leivarena da, David Ayllonen argazki batetik abiatuta.
Doluari ahotsa ematea
Haurdunaldian edo jaio ondoren haur bat galtzeko esperientzia uste baino pertsona gehiagok bizi dute. Haurdunaldiko, jaiotza-inguruko edo jaioberrietako dolua bizitza askotan agertzen da gaur egun, baina tabu bat izaten jarraitzen du oraindik. Kat Lumenentzat, “Ura” dolu prozesu horiei ahotsa jartzeko modu bat da, modu poetikoa leku bat emateko gonbidapena, horretaz hitz egiteko eta mina partekatzeko, suposatzen duen bidaia eta ekartzen diguna. “Pertsonalki ez dut haur baten galera bizi izan, ez behintzat modu kontzientean, baina nire lagun askok bai, eta harritu egiten nau abesti honen jatorria kontatzen dudanean mahai gainean jartzen diren istorioek”, dio artistak. Kontzertuen ondoren, emakume eta gizonak hurbiltzen dira, hunkituta eta esker onez, beren haurrari leku bat eman diotelako, beste inork ezagutu ez duena, baina bihotzean leku zabala betetzen duena.
ESTEKAK
URAren bideoa ikusi YouTuben: https://youtu.be/WgPqXDnZuCc
Entzun singlea: https://links.altafonte.com/ura_
Webgunea: https://katlumen.com
Instagram: @kat_lumen https://www.instagram.com/kat_lumen
Spotify: https://open.spotify.com/artist/0jvd8XTeuEYYcbRkQYQdAD
FITXA ARTISTIKOA
Musika: Kateleine van der Maas
Letra: Saioa Urrutia Larrañaga
Ahotsa: Kateleine van der Maas
Ekoizpena eta konponketak: Mauri Corretjé
David Ayllónek ekoitzitako bideoa
Honekin: Laura Gabot eta Kateleine van der Maas